Eman beste aukera bat hondakinei
Hondakinen sorrera ingurumen arazo larria da oro har, batez ere sortutako hondakinak gero eta konplexuagoak eta ugariagoak direlako. Hondakinen arazoari aurre egiteko, Tolosaldeko Mankomunitateak abian jarri du eskualdeko herritarrei zuzendutako ingurumen informazio kanpaina bat, hondakinak murrizteak eta birziklatzeak duen garrantziaz jabetzeko. Hondakinik hoberena sortzen ez dena da. Horren harira, gizarte osoa sentsibilizatu nahi dugu hondakinak murrizteko egin dezakegun ahaleginaren, hondakinen arazoaren eta irtenbideak bilatzeko parte hartzeak duen garrantziaren inguruan. Izan ere, gure ohiturak aldatuz gero, hondakinak murritz ditzakegu.

Kanpaina biztanleei zuzenduta dago oro har. Euskarri erakargarria eta erabilerraza argitaratu dugu eta datozen egunotan etxeko buzoian jasoko duzu. Bertan, etxeko hondakinak murrizteko argibideak eta kontsumo ekologikoa bultzatzeko gomendioak topa daitezke. Eguneroko bizitzan halabeharrez sortzen ditugun hondakinei dagokienez, “eman beste aukera bat hondakinei” lemapean, gaikako bilketa programetan parte hartzeko, eta horrela, hondakinak duen baliabide preziatua aprobetxatzeko deia egiten zaie herritarrei.